Albisteak
Foru Aldundiak, Urbiderekin batera, Arabako uraren ziklo integrala digitalizatzeko plana abian jarriko du
Urbitik izeneko plan horrek finantzaketaren % 100 lortu du, hau da, 7,5 milioi euro NextGenerationEU Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik
Foru Aldundiak Arabako uraren ziklo integralaren hobekuntzan aurrera egiteko konpromisoarekin jarraitzen du, eta beste urrats bat eman du helburu hori lortzeko ziklo hori digitalizatzeko plana abian jarrita. Esku hartzen duten eragile guztiekin lankidetzan, Aldundiak eta Urbide ur partzuergoak finantzaketaren % 100 lortu duen proiektu bat bultzatu eta garatuko dute, hau da, 7,5 milioi euroko finantziazioa lortu duena NextGenerationEU Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik.
"Proiektu berritzaile bat da, gure eremu geografikoan uraren kudeaketa arindu eta hobetu nahi duena; izan ere, eremu horretan, populazio dentsitate baxuko edo oso baxuko landagune sakabanatuek garrantzia handia dute. Horregatik, beharrezkoa da informazio digitalaren eredu bat ezartzea, Europako ur politikaren lau zutabeak jasoko dituena, hau da, kudeaketa ekosistemikoa, integratua, parte hartzailea eta eskariaren kudeaketa", adierazi du Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak.
Urbitik martxan jartzeak uraren eskuragarritasuna eta kudeaketa jasangarria bermatzea ahalbidetuko du, eta kudeaketa integratuaren, egoera ekologiko onaren, arrazionaltasun ekonomikoaren, kontuak ematearen, gardentasunaren, parte hartze publikoaren, malgutasunaren eta diziplinartekotasunaren eskaera berriei erantzutea.
Proiektu horren helburuen artean, honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: klima aldaketaren ondorioak arintzea, ur galerak murriztea, sistemen efizientzia hobetzea, energia gastua optimizatzea, uraren erabileren kontrol eraginkorrean aurrera egitea eta isurketen, uraren egoeraren eta uraren kalitatearen kontrola hobetzea.
Urbitik planaren bidez, uraren ziklo integrala hobetzeko proiektuak landuko dira, trantsizio digitaleko jarduketak garatzeko, barnean hartuta goi hornidura, banaketa, saneamendua eta arazketa. Horiek guztiak berrikuntzaren ikuspegitik diseinatu dira, egungo eta etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko.
Ezarri beharreko ekintzek honako hauek aurreikusten dituzte: lehorte egoeretarako larrialdi planak gauzatzea; Laudion eta Amurrion ur leheneratuaren erabilera sustatzeko plana; hornidura sistemen egiturazko ihesen diagnostikoa, kontrola eta kudeaketa; ur bilketen parametro garrantzitsuenen monitorizazioa; presen monitorizazioa; teleirakurketako kontagailu adimendunak instalatzea; hondakin uren isurketa puntuen digitalizazioa; energia berreskuratzea; eta aginte koadro integrala abian jartzea.
Era berean, hornidura sareen, ponpatze estazioen, hondakin uren araztegien, horiei lotutako instalazioen, estolderietara egindako isurketen eta biltegien digitalizazioa, sektorizazioa eta monitorizazioa ere jasotzen ditu planak.